Zuzeneko arretarako programa
Helburuak
Helburua arriskuko jokabideak eta haiekin lotutako faktoreak murriztea da, bai eta arrisku hori gutxitzeko babes-neurriak garatzen laguntzea ere.
Nerabeekin:
- Murriztea bai arriskuzko jokabideak bai haiekin loturiko kalteak.
- Garatzea arrisku horiek gutxitzeko trebezia eta baliabide pertsonalak: trebezia sozialak, erabakiak hartzeko prozedura, emozioen autokontrola, asertibitatea, etab.
- Inplikatzea en aisialdiko jarduera osasungarrietan.
- Orientatzea eta hobetzea eskolako eta laneko errendimendua.
Familiarekin eta lagunekin:
- Ezagutzea arriskuzko jokabide motak eta haien ezaugarriak eta haien gaineko kontrol-sentsazioa hobetzea.
- Barneratzea bizimodu osasungarri bat.
- Hobetzea nerabeekiko omunikaziorako trebetasunak eta problemei heltzeko bideak.
- Garatzea hezkuntza-estilo koherente eta irmoa.
Jarduerak
Suspertu Programak lagun egiten dio nerabe bakoitzari, betiere aita, ama edo lagunen eginkizuna indartuz, oso garrantzitsua baita.
Nerabeekin:
- Elkarrizketa indibidualak profesional espezifiko batekin.
- Bilerak familian.
- Motibazioa norberaren inguruneko aisialdiko jardueretan parte hartzeko.
Familiarekin eta lagunekin:
- Elkarrizketa indibidualak profesional espezifiko batekin.
- Bilerak familian.
- Gurasoentzako eskola (taldeak), problemei aurre egiteko estrategiak ikasteko.
Taldea
Nerabea profesional batzuek atenditzen dute, eta beste batzuek familia, betiere koordinaturik.
Susperturen profesionalen taldea hauek osatzen dute: psikologoak, gizarte-langilea eta gizarte-hezitzailea (Nafarroako Gizakia Helburu proiektuaren fundazioaren gainerako profesional eta zerbitzuen laguntzarekin).
Ohiko galderak
- 1
- Nola jakin dezaket nire seme edo alaba drogarik hartzen ari ote den?
Badira zenbait adierazle, pertsona bat noiz ari den drogak kontsumitzen esaten digutenak. Batzuk sintoma fisikoak dira, kontsumitzen den substantziaren arabera desberdinak (begi gorrituak, lo gehiegi, lo hartu ezina, denbora laburrean kilo asko galtzea, tentsioa masailezurretan, ...).
Hauek dira drogak kontsumitzen dituztenen sintoma ohikoenak: jokabidearen aldaketa bat-batekoak, haserretzeko edo erretxintzeko joera, neurriz gorako gastuak, lapurretak, substantziaren batekin harrapatzea, hurbileko norbaiten abisuak, drogak kontsumitzen dituzten pertsonekin hastea harremanetan, jarduera batzuk uztea edo ohiko zereginetarako motibazio edo interes falta...
Sintoma horiek, banaka, ez dute esan nahi nerabe bat drogak kontsumitzen ari dela. Baina, jakina, sintoma horietatik zenbat eta gehiago elkartu, orduan eta seguruagoa da kontsumoren bat izatea.
- 2
- Zer egin dezaket baldin eta susmoa badut nire semeak edo alabak drogak kontsumitzen dituela?
Nerabea drogaren bat hartzen ari dela badakigu edo susmo hori baldin badugu, oso inportantea da garbi hitz egitea berarekin, egoerari aurre egiteko eta argi azaltzeko zergatik dugun susmo hori. Hitz erdirik gabe galdetzea da hoberena, betiere nahi duena adierazteko aukera emanez.
Estrategia hobea da nerabeari gure kezka adieraztea kargu hartzea edo aurpegiratzea baino, hala eginez gero egoerak okerrera egin bailezake. Horrek ez du esan nahi bigun jokatu behar dugunik inola ere. Tinko agertuko gara, eta kontsumoaz kezkatuta, horretarako arrazoirik badugu.
- 3
- Pertsona batek porrorik erretzen badu, zer esan nahi du, engantxatua dagoela?
Ez nahitaez, kontsumitzeko modu asko baitaude. Kontsumoaren maiztasuna hartu behar da kontuan (behin, noizean behin, etengabea, egunerokoa…), baita pertsonaren eta ingurunearen zenbait ezaugarri ere. Zenbait eta handiagoa izan maiztasuna eta zenbat eta arrisku-faktore gehiago elkartu, orduan eta arrisku handiagoa dago kontsumoak problema edo ondorio serioak izateko.
Porroen kasuan (kannabisa), mendekotasun funtzionala gertatzen da baldin eta oso maiz kontsumitzen bada eta pertsonak kontsumoa behar badu eguneroko lan batzuk egin ahal izateko. Kontsumo altua denean, abstinentziaren sintomak ere ager daitezke, batez ere sintoma psikologikoak.
- 4
- Porroak, haxixa, marihuana edo “lerroak”. Dena da berdin?
"Porroak" erretzeko papera erabiliz eskuz egindako zigarroak dira, tabakoa eta haxixa edo marihuana nahasiz eginak. Haxixa eta marihuana cannabis sativa izeneko landare batetik datoz (kalamu mota bat da).
Oso itxura desberdina dute. Mahihuana landare horren hosto berde lehor txikituak dira. Haxixa, berriz, erretxina oliotsu bat da, marroixka (starluxen antzekoa). Biek ala biek THC dute, eta hori da egiten duen efektuaren eragilea.
"Lerroak" kokaina edo speeda kontsumitzeko modua da, hautsa izaten baita, zuria edo zurixka. Hautsa denez, multxo luzexkak egiten dira haiekin –lerroak–, eta sudurretik xurgatzen dira (esnifatu egiten dira).
- 5
- Gazte batek drogarik kontsumitzen badu, zer esan nahi du, ez duela arriskuen berri?
Ez nahitaez. Zenbait substantziaren kontsumoaren eragin eta arriskuei buruzko informazioa beharrezkoa da problemei aurrea hartzeko, baina ez da aski kontsumoa eta haren ondoriozko problemak ebitatzeko.
Baliteke gazte batek, ondorioen eta arriskuen berri izanik ere, kontsumitzeko erabakia hartzea, berarentzat kontsumoak efektu positiboak dituelakoan.
Horregatik, substantziei buruzko informazioa ematea da prebentzio-neurrietako bat, baina informazio horretatik haratago joan beharra dago.
- 6
- Norengana jo dezaket baldin eta nire hurbileko norbaitek drogekin lotutako problemarik baldin badu?
Oso lagungarria izan daiteke nerabearen edo familiaren hurbileko giroko pertsona batzuek informazioa eta baliabideak izatea problemari heltzeko momentuan sostengua izateko. Honakook, adibidez: ikastetxeko irakasleak edo orientatzailea, auzoko hezitzaile edo gizarte-langileak, osasun arloko profesionalak, etab.
Betiere, oso komenigarria izatea da gazteen drogen kontsumo problemei heltzen esperientzia duten pertsona edo zentroen aholkuak izatea. Suspertu zentro egokia da kontsultatzeko edo laguntza eskatzeko, baldin eta familiak edo hurbileko lagunek badakite edo susmoa badute nerabeak kontsumoan hasia dela. 948291865 telefonora deitu eta hitzordua eskatu besterik ez da egin behar.
- 7
- Zein da Suspertun egiten den lanaren muina?
Suspertun egiten den lanaren helburua nerabe bakoitzak dituen arrisku-faktoreak gutxitzea eta haien aurrean babestea da. (Ikus orrialde nagusia)
Horretarako, eta gehienbat nerabearekin eta familiarekin egindako elkarrizketa indibidualen bitartez, faktore horiek identifikatuko dira, eta prozesuan laguntza ematen da bizi-kalitatea hobetzeko eta hasieran detektatutako problemak gutxitzeko edo arintzeko.
Elkarrizketez gainera, badaude beste jarduera batzuk ere helburu hori erdiesteko (gazte taldeak, Gurasoentzako Eskola, aisialdiko jarduerak, familien bilerak...).
- 8
- Suspertura joaten bagara, elkarrekin joan behar dugu gurasoek eta semeak edo alabak?
Susperturen lan metodoa dela-eta, beharrezkoa da gaztearekin eta erreferentziazko ahaideekin lan egitea, modu paraleloan. Horregatik, inplikatzeko eskatzen diegu bai gazteari bai familiari.
Dena dela, lana bereizirik egiten da, eta gazteak eta familiak egiten dituzten jarduerak independenteak dira. Aparte doaz elkarrizketen egutegiak, eta hezitzaileak ere ez dira berberak, denek konfiantza giroa sentitu dezaten. Gainera, nola ez, konfidentzialtasun osoa ziurtatua dago han esaten den guztiari dagokionez.
- 9
- Ezinbestekoa da gurasoen edo hurbileko ahaideen laguntza Susperturen prozesuan?
Esperientzia garbi esaten digu gurasoen inplikazioa ezinbestekoa dela Suspertun egiten den prozesuak arrakasta izateko eta hasierako problema ongi bideratzeko. Horregatik, Susperturen prozesuan modu aktiboan inplikatzeko eskatzen diegu gazteen familiei.
Frogatua dago ezen, behin egoera problematikoa sortuta, gurasoek prozesuan duten jarrera eta inplikazioa garrantzi handikoak direla nerabearengan aldaketak gertatzeko. Gurasoen trebeziak lantzea eta haiek ikasi eta hobetzea oinarrizkoa da, baita haietan laguntzea gurasoei.
- 10
- Familiak du errua baldin eta gazte batek drogarik hartzen badu?
Batzuetan gurasoek errua botatzen diote beren buruari seme edo alaba batek substantziaren bat kontsumitzen duela jakiten dutenean. Garrantzi handikoa da errudun-sentimendua ez areagotzea, drogen kontsumoaren problemak faktore askoren ondorio izaten baitira. Gurasoak faktore bat besterik ez da.
Horregatik, ez da egokia “erruaz” hitz egitea. Arrisku-faktore desberdinak daude familiaz gainera: pertsonalak, eskolakoak edo lanekoa, aisialdikoak, harremanak, ...). Faktore bat baino gehiago elkartzen direnean egiten du gora kontsumoaren problematika azaltzeko aukerak.
- 11
- Baliteke pertsona batek porroak erre eta horrek eraginik ez izatea bizitzan?
Pertsona batengan droga bat edo bat baino gehiago kontsumitzeagatik duen afektazio maila hiru aldagairen emaitza da batik bat: substantzia (mota, purutasuna, kantitatea, maiztasuna...), pertsona bera (adina, garapen pertsonala, baliabideak, egoera afektiboa...) eta kontsumoaren testuingurua edo egoera (bakarrik edo beste batzuekin, noiz hartzen den, ...). Faktore horiek denak hartu behar dira aintzat jakiteko nolako eragina izaten ari den kontsumo mota bat pertsona batengan.
Porroen kasuan, eta nerabeen artean, arrisku handia dago, adinagatik eta une ebolutiboagatik, kannabisaren efektu batzuek interferentzia egiten baitute pertsonaren garapenean. Kannabisaren kontsumoak, nerabeengan, eskolako errendimendu baxua eragiten du, baita adinarekin bat datozen interesen eta jardueren galera, bizi-tonu baxua eta logaletua egotea.
- 12
- Gure semeak esaten du porroek ez dutela arriskurik eta gaixotasunak sendatzeko ere erabiltzen direla. Egia da hori?
Kannabisa apaltzailea eta asaldatzailea da, hau da, nerbio sistema zentralean eragina egin eta erlaxatzen du, bizi-tonua apaltzen, eta zenbait funtzioren alterazioa sortzen du: animoa, denboraren eta lekuaren pertzepzioa, desinhibizioa, haluzinazioak...). Kontsumoaren arriskua bi efektu horien ondorioa da.
Zenbait ikerlanek –gero eta gehiago dira– aditzera ematen dute porroek duten printzipio aktiboa, THC izenekoa terapeutikoa izan daitekeela zenbait gaixotasunen tratamenduan. Ikerlanen emaitzak ez dira oraindik behin betikoak, eta gaixotasun horietarako aplikazioa hasierako fasean dago. Nolanahi ere, jakin beharra dago modu kontrolatuan baizik ez dela eraginkorra, dosi eta jarraibide egokiekin, espezialista baten kontrolpean eta, jakina, gaixotasun bakar batzuetarako.
Horregatik, ezin da erabili argudio hori kontrolik gabeko edo edozertarako kontsumoa justifikatzeko, oso kontuan hartzekoak baitira azaldutako ondorioak.
- 13
- Nolakoak dira Suspertura joaten diren gazteak?
Suspertura joaten diren gazteen ezaugarriek ez dute inolako zerikusirik aspaldiko drogamenpekoaren ohiko ezaugarriekin (drogazaleak, desestrukturatuak, baztertuak, problematika larriko pertsonak...). Mota guztietako gazteak daude Suspertun, gizarte-maila eta eremu desberdinetakoak eta substantzia desberdinak kontsumitzen dituztenak.
Gure zerbitzuaz baliatzen direnen ezaugarrien multzoa oso zabala da. Atenditu ditugun pertsonen datuak aztertuta, hauxe da profila: 14 urtetik 21era bitarteko gaztea, gizona, ikaslea, egunero kannabisa kontsumitzen duena eta asteburuetan sustantzia pizgarriak, eta familia egitura normala duena.
Hainbeste pertsona mota daudenez, tratamendua eta lan egiteko modua erabat indibidualizatua izaten da.
Zure galderarentzako erantzunik aurkitu ez baduzu, bidali mezu bat helbide elektroniko honetara: suspertu@suspertu.org